XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Garaiko BERRIEMAILEA / INDUSTRI GARAPENAREN EDIZIOA EUSKAL HERRIAN

Solidaridad de Obreros Vascos sindikatu abertzalearen sorrera

Hona helburuak, buruzagien arabera: Euskal langileen ongizate sozial handiena lortzea, heziketa eraginkorraren bidez.

Heziketa honek langileen adimenak landu ditzan eta borondateak hezi ditzan, langileak eta euskaldunak diren heinean egitekoak zehazkien betetzera jo dezaten.

Elkarrenganako babesa eta laguntza susta ditzan.

Laneko aspirazio legitimoez defenda ditzan langileak, legez erabilgarriak diren bitarteko guztien aspirazioak burutuak ikusi arte, ekintza guztiak moral katolikoen printzipioez maneiatuko direlarik.

Hona izaera sozialista duten sindikatuei buruzko eritzia: Baina utz itzazue ideia sozialistak, antikristauak eta antieuskaldunak bait dira.

Bizkaiko gizartean justizia eta berdintasuna gauza daitezen ez da prezisoa sozialismoa, ez bait lituzke lortuko.

Izen sakratu hauek gure arrazaren historiaren, gure asaben dotrinen, abertzaleen ikurriñaren baitan daude.

Lan baldintzak

Hona Fakundo Perezagua buruzagi sindikal sozialistak gure egunkariari egindako hitzak langileriaren lan-baldintzei dagokienez: " Bilbora 1885ean etorri nintzen.

Lan eske ibili eta Agirreren metal-urtegian aurkitu nuen.

Baina Madrilen hamar orduz lan egiten banuen, hemen hamaika t`erdi, eta Gortean baino bi erreal gutxiago irabazten nituen.

A ze garaiak Bilbokoak!.

Meatzen eguneroko iharduna korneta hotsez hasten zen egunsentian, eta ilunabarrean bukatzen zen.

Burgesek zituzten kapatazak gogorrak ziren langileekin.

90a baino lehen, hilketak gauza arrunta ziren edozein txikikeria zela eta (bata kataluniarra eta bestea andaluza zelako, honako hau euskalduna eta harako hura gailegoa...).

90a baino lehen, meategietako kuarteletan halako txartel bitxiak irakur zitezkeen.

Bi hankak, 40 duro; bi besoak, 20; bi eskuak 10.

Patroiek ezarririko istripu-legea zen, honez gero eta zorionez, desagertua.

Arana-Goiritarren etxea harrikatu

Atzo, 1898ko apirilaren 24an, Estatu Batuek Espainiari egindako gerra-deklarazioa dela eta, bi nazioek Kuban duten gatazkaren ondorioz, manifestazio patriotiko bat egin zen Bilbon, jende multzo andana bildu zelarik bertara.

Manifestatzaileak Bilboko hainbat kaletatik joan ziren Estatu Batuak eta bere presidentearen kontra oihuka, eta Arana-Goiritarren etxerantz abiatu ziren, Kubari independentzia emate alde daudenak berak, eta denbora luzez ihardun zuten han etxea harrikatuz.

Ez zen zauriturik gertatu, baina etxeko horma eta leihoetan kalte eta txikizio handiak egin zituzten.

Sabino Aranak esan du jarrera hauek agirian uzten dutela espainolisten izaera intolerantea, baina ez dutela beldurtuko, ez atzeratuko aurten bertan egingo diren hauteskundeetan diputatu postua lortzeko duen helburuan.